Historia

Bilboko Burdin Hesia —Bilboko Burdinazko Harresia eta Burdinazko Gerrikoa izenez ere ezaguna (gaztelaniaz: Cinturón de Hierro ) Bilboren inguruan Txorierri eta Galdakao aldetik eraikitako defentsa-sistema izan zen. Hor Eusko Gudarosteak Francoren armadari bi hilabetez eutsi zion, nahiz eta teoria militar zaharkitu batean oinarritutako defentsa-sistema horrek diseinuko funtsezko akatsak zituen. Bilboko Burdin Harresiak funtsezko akatsak zituen. Taktika militarraren ikuspuntutik, su egiteko tokien kokapena ez zen egokia, eta inguru osoa babesteko zegoen soldaduen kopurua ere eskasa zen erasoari eutsi ahal izateko. 70.000 soldadu behar ziren tokian, ozta-ozta ziren 30.000 gizon. Baina, batez ere, babes lerro horrek ezintasun nabarmena zuen, 1936. eta 1937. urteetako hegazkineriak eta artilleriak egin zezaketen gerra motari aurre egiteko”. Josu Chueca

Artxanda mendiak Bilbon, Gangurenek Galdakaon, Bizkargik eta Gaztelumendik Larrabetzu inguruan osatzen zuten defentsa-sistema hau.
Elgetako erresistentzia tokia 1937ko apirilean erorita, Eusko Jaurlaritzak —eta bando errepublikanoak, oro har— Bilbo defendatzeko sistema eraikitzeari ekin zioten.

Sistema hura eraikitzeko hamahiru arkitektok, hamabost ingeniarik, hiru aparejadorek eta hamasei kontratistak hartu zuten parte, geroago Talgo trena asmatu zuen Alejandro Goikoetxea ingeniariak eta haren laguntzaile Pedro Murga kapitainak koordinatuta. Eusko Jaurlaritzak onartutako aurrekontua 50 milioi pezetakoa zen, 80 kilometroko perimetroa eraikitzeko.

Burdin Hesia 70 zentimetroko lodierako hormigoi indartuaz eginiko 180 bunkergunek osatuta zegoen. Argizagin oraindik ageri dira bunker horietako zenbait. Lubaki txikiak ere bazituzten, gehienetan bi lerrotan jarriak.

Alberto Montaud Noguerol jeneralaren agindupean egina, Bilbo defenditzeko haren eraginkortasuna gero eta kritikatuagoa da. Mota horretako defentsa lerro estatikoa, Lehenengo Mundu Gerran Frantziako agintari militarrek erabili zuten, eta Europako armadetako estatu nagusi gehienen gustukoa zen garai hartan, baina dagoeneko defentsa sistema zaharkitua zen, artilleria modernoagoaren eta orduan sortu berriak ziren hegazkinen erasoei aurre egiteko ez baitzen aproposa.

Gainera, Burdin Hesia fetitxe modukoa izan zen: eusko gudariek uste osoa zuten menperaezina zela, eta frankistei aurre egin gabe atzera egin zuten, defendatzeko egokiagoak ziren hainbat posizio utzita, Burdin Hesian babes egokiagoa izango zutelakoan. Eusko Gudarosteko ofizial izandako Joseba Elosegik gogor kritikatu du Burdin Hesia egin izanak eusko armadari eragindako kaltea.

Burdin Hesia egiteko lanak zuzentzen aritu zen Alejandro Goikoetxea ingeniaria Francoren aldera aldatu zen 1937. urtean. Burdin Hesiaren xehetasun guzti-guztiak ezagutzen zituenez, euskotarren aldetik Goikoetxeari leporatu izan zaio hain sendoa zela uste zuten Burdin Hesi hura hain erraz erori izana, eta haren atzetik Bilbo eta Euskadiko azken lurrak ere erori izana. Horrenbestez, Alejandro Goikoetxea traidoretzat gogoratu izan da eusko abertzaleen artean.Hala ere, badirudi haren traizioak frankistei ez ziela askorik balio izan Burdin Hesia gainditu eta Bilbo konkistatzeko, ordurako ondo-ondo ezagunak baitzituzten defentsa sistema zaharkitu horren xehetasun gehienak, hegazkinetatik egindako argazkiei esker.

1937ko ekainaren 19an frankistek lortu zuten Burdin Hesia suntsitzea eta Bilbo bereganatzea.

iturria: euskarazko wikipedia

Babesleak